Wednesday, 21 October 2009

Rihanna; popetik punkera, bost urtetan

Grunge-pop estiloa atzean utzi eta look ausartago baten alde egin du Rihannak azken urteetan. Ilea moztu du eta kirol-jantziak larruzko arropengatik aldatu ditu.

15 urterekin barneratu zen musikaren munduan Rihanna abeslaria eta bi urte geroago lehen diskoa atera zuen Jay-Z musikagilearen eta Evan Rogers ekoizlearen laguntzarekin. Geroago, zerrenda askotako lehen tokian kokatu zen eta horrek sekulako ospea eman zion. Garai hartan, kirol jantziak erabiltzen zituen, batez ere, Rihannak. Galtzak zabalak eta gerri behean eramateko modukoak, kolore guztietako kirol-zapatilak, kamiseta oso laburrak eta osagarri gutxi (belarritako handiak salbu). Grunge-pop estilo harekin sustatu zuen 'Pon de Replay' singlea eta Beyoncerekin alderatu zuten askok. Ile luzea zeraman, kizkurtuta, eta makillaje kolore argiak aukeratzen zituen. Egun berezietan, belaun azpira arteko soinekoak hautatzen zituen, askotan satinezkoak eta eskote handidunak. 18 urte bete zituenean, kirol jantzi sexy haiekin jarraitzen zuen.

Sekulako aldaketa

Halere, denbora gutxian sekulako look aldaketa izan zuen Rihannak. Bigarren lana atera eta gutxira arau guztiak hautsi zituen. Diskoari Good Girl Gone Bad (neska ona gaizto bihurtu da) izena jarri zion eta zentzu guztietan aldaketa izan zuen abeslari ospetsu honek. 'Umbrella' singlea aurkeztu zuenean jarraitzaile asko aho zabalik utzi zituen. Ilea labur-labur moztu eta beltzezko tindatu zuen, gainerako nesketatik “ezberdintzeko” helburuz. Orduz geroztik, bere buruarengan ziurtasun gehiago duen emakume bat ezagutu dugu. Look ausartagoa du orain Rihannak. Atzean utzi ditu itxura goxoa eta nerabe aurpegia eta gutxika punk estiloa bereganatuz joan da. Orain legging apurtuak, takoi altuak, animali-estanpatuak, kolore fluoreszenteak eta larrua dira nagusi bere armairuan. Galetarako soineko oso laburrak eta kolore biziak aukeratzen ditu eta guztia, larruzko jantzi beltzekin konbinatzen du. Azazkalak nahiz ezpainak ere kolore nabarmenekin margotzen ditu, ostadarreko edozein kolore hautatuz. Gainera, gorputza tatuajez josita dauka; izarrak, pistola bat, garezurra...

No comments: