Thursday 28 May 2009

Vitoria - Gasteiz Dantza plazan


  • Noiz eta Non: Maiatzaren 8an, 15ean, 22an eta 29an, eta Ekainaren 5ean, 12an, 19an eta
    26an, (ostiralak) arratsaldeko 8etan Aihotz Plazan.
  • Parteharzaileak: Jatorri tradizionaleko musika tresnak: txistua, trikitixa, txirula, alboka, dultzaina, erritmo eta harmonia oinarri baten gainean (bateria, teklatua eta baxua)
  • “Hasieran akademiako ikasleen ikasturte amaierako helburutzat planteatu bazen ere, “Dantza Plazan” beste talde batzuei eta herritar orori guztiz zabalik dago, eta hurrenez hurreneko edizioetan gero eta partaide gehiago dago saio bakoitzean”, nabarmendu du Udal Folklore Akademiako zuzendari Pedro Elosegik.

    Erabilitako eredua —betiko erromeria hiri girora ekartzea, azken batean— beste leku batzuetan ere imitatu da, izen bera erabiliz batzuetan. Hamaika jotzailek jartzen dute musika: tresna unibertsalen erritmo eta harmonia oinarri baten gainean (bateria, teklatua eta baxua) jatorri tradizionaleko musika tresna melodikoak joz (txistua, trikitixa, txirula, alboka, dultzaina…). Musika moldaketa gehienak “Dantza Plazan” saioetarako bereziki idatziak dira.

    Berrogeita hamar piezak osatzen dute dantza egitaraua, zazpi taldetan banatuta: kalejirak, irri dantzak, jauziak, dantza askatua, soka dantzak, suiteak eta kontradantzak. “Hamar edo hamabi dantzak osatzen dute saio bakoitza, zeina Akademiako bi irakaslek gidatzen baitute plazan bertan, pausu eta koreografiari buruzko jarraibideak emanez. Saioa guztien bukaeran Larrain dantza eta Txulalai dantzatzen dira”

Tuesday 26 May 2009

SU TA GAR

Biografia



1987. urtea amaitzear zegoela, musika talde bat osatzeko asmoarekin elkartu ginen lau lagun: Aitor Gorosabel Garai, Asier Osoro, Xabier Bastida eta Borxa Arrillaga. Gehienontzat tresna bat jotzen genuen lehen aldia izan arren, musika egiteko gogo handia genuen. Eibartarrak gara laurok. Eibar Euskal Herrian dagoen hiri industriala da. Txiki-txikitatik gara lagunak, eta gauza askok elkartzen gaitu, besteak beste, elkarrekin musika proiektu bat sortzeko eta bizitzeko gogoak. Proiektu honi Su Ta Gar izena eman genion, jendaurrean lehen aldiz jo (1988-8-14) baino astebete lehenago.

Lehenengo grabaketa gure kontura egin genuen, 1989ko maiatzean, Eibarko lagun batzuen lokalean. Maketa honek arrakasta haundia lortu zuen eta arrakasta horrek, beste grabaketa bat (estudio profesional batean) burutzeko aukera eman zigun. Bigarren maketa hau, lehen albumerako bidean aurreneko pausoa izan zen. Tarte horretan, Mikel Laboaren ‘Haika Mutil‘ kantaren bertsioa egin genuen, Laboaren omenezko ‘Txerokee‘ diskoan argitaratuko zena. 1990. urtean, Estigia taldearekin batera, Villa de Bilbao lehiaketan lehenengo saria irabazi genuen. Sariak Estigiakoekin disko bat erdibana grabatzeko aukera ematen zigun, baina aukera hori baztertu eta 1990eko azaroan ‘Jaiotze Basatia‘ grabatzen dugu IZ estudioan. Gure lehenengo lan hau 1991ko martxoan argitaratzen da Zarata diskoetxearen babesean. Diskoa batik bat Euskal Herrian aurkeztu genuen arren, urte bereko urrian Alemania, Suitza eta Austriara joan ginen squatetan kontzertuak ematera...

1992. urteko apirilean, ‘Hortzak Estuturik‘ grabatu genuen IZ estudioan berriro ere. Aurrekoan bezala, Kaki Arkarazo aritu zen teknikari. Lan berria urte bereko ekainean argitaratzen da, baina oraingo honetan Esan Ozenki zigilu berriaren babesean. Euskal Herrian eta Espainian urte oso bat diska aurkezten ibili eta gero 1993.ko apirilean Europan zehar bira egin genuen EH Sukarra taldearekin batera. Bira honen bukaera festa bezala, kontzertu berezia eman genuen Eibarren. Kontzertua bideoan grabatu eta ‘More Volumen Tour‘ eta ‘Su Ta Gar zuzenean‘ izenarekin argitaratu genuen.

1993ko irailean, material berria eskuetan hartuta, Lorentzo Recordsera jo genuen disko berria grabatzera. Aitor Ariño aritu zen teknikari, eta abenduaren hasieran kaleratu genuen aurreko diskoaren zigilu berarekin. ‘Munstro Hilak‘ Euskal Herrian zehar aurkeztu eta gero, Espainia eta Frantzian aurkeztu genuen, 1994ko urtarrila eta otsailean, eta 1995 urtearen hasieran Italia, Austria eta Alemaniara joan ginen berriro.

Ostera beste disko bat grabatzekotan ginela, Borxak istripua izan zuen 1995ko maiatzean eta gertaera hark asmo guztiak aldarazi zizkigun. Borxaren anaia, Galder, hasi zen bateria jotzen, eta 1996.ko udaberrian ‘Sentimenak Jarraituz‘ diskoa grabatu genuen, aurreko produkzio berarekin. Urte bereko maiatzean argitaratu zen eta lehengo aldiz bideo klip bat atera genuen albumari izena ematen dion kantuarekin. Bideo klipak sari bat baino gehiago irabazi zuen hainbat bideo lehiaketatan.

Aurreko diskoa Espainia eta Frantziako hainbat hiritan aurkeztu ondoren, bateri jolez aldatu genuen berriro. Iban Zugarramurdik hartu zuen Galder Arrillagaren tokia. Bateri jole berriarekin grabatu genuen, 1997ko iraila eta urria artean, ‘Agur Jauna Gizon Txuriari‘ eta urte hartako azaroan Kubara joan ginen aurkeztera. Abendutik aurrera Euskal Herrian, eta 1998ko otsailean Espainian aurkeztuz.

Urte horretako udaran “Eromena” kantua grabatu genuen Elkar estudiotan, urte amaieran “Gaur olerkiak bihar presoak Euskal Herrirat!” bilduman kaleratuko zena. Bilduma disko hau, euskal preso politikoen Euskal Herriratzearen alde kaleratu zuen Iparraldeko preso sustengu komiteen koordinaketak. Bertan, euskal preso politiko eta bertsolari batzuek eginiko hitzei, euskal musika taldeek musika jartzen die. Guztira 11 kanta biltzen dira aipaturiko bilduma honetan. “Eromena” kantaren hitzak Carmen Gisasola markinarrarenak dira.

Gure jarraitzaileen eskaerei erantzunez, 1999. urteko ekainean 'Su Ta Gar 1987-89' lehengo bi maketen edizio berezia argitaratu genuen, Gaztelupeko Hotsak disketxearekin. Bertan, garai hartako abestiez gain, PCrako egokituriko 'Jo Ta Ke' abestiaren bideoa dago, abestiak bezala garai haietan grabatua.

Maketen edizio bereziaren produkzioa amaitu eta gero, disko berria grabatzen hasi ginen, orain ere Berrizko Lorentzo Records estudioan. 1999ko uztaila eta iraila artean grabatu eta nahastu ondoren, azaroaren 8an kaleratu zen GOR disketxearen eskutik, gure azken ekoizpena: 'Homo_Sapiens?'. Urte honen amaiera eta 2000. urtearen hasiera artean 'Homo_Sapiens? Tour'00' aurkezpen bira egin genuen, izugarrizko muntai berezia erabiliz. Bira honek zailtasun tekniko eta produkzio kostu handiak zituela eta, Euskal Herrian zehar bakarrik egin ahal izan genuen. Hala nola, bira honetako azken kontzertua, Iholdin emana, bideoan grabatzea erabaki genuen. Aurrerago, gure zuzeneko bigarren bideo argitaratua izango zena, hain zuzen.

Horrela, 2000. urtearen ekainean 'Homo_Sapiens? Tour'00' bideoa argitaratzen da GOR Diskak zigiluaren babesean.

2000. urteko irailaren azken egunetan Judas Priest taldearen 'The Sentinel' abestiaren bertsioa grabatu eta nahastu genuen Berrizko Lorentzo Records estudioan. Abesti hau Judas Priest taldearen omenezko 'Metal Gods' izeneko diskoan argitaratu zen Zero diskaetxearen babesean, 2000. urtearen azaroan. Disko honetan gure bertsioaz gain µLT, Berri Txarrak, Hamlet, Ktulu edo Baron Rojo bezalako taldeen bertsioak aurkitzen dira.

2001ko apirilaren 17an kaleratu genuen gure zuzeneko lehenengo diska, 'Su Ta Gar Jo Ta Ke' izenburupean eta Gor Diskak disketxearen babesean. Garai guztietako 23 abestiez osaturiko lan bikoitz honek CD formatuan PCrako egokituriko bi abestien bideo klipak ditu, 'Su Ta Gar 1987-89' maketen edizio berezian egin genuen bezala. Lan honetan 2000.ko bukaeran emandako lau kontzertuen grabaketa eta lan askoren emaitza biltzen dira.

'Su Ta Gar Jo Ta Ke' diskaren zuzeneko aurkezpenak prestatzen ari ginela baterijole aldaketa ematen da taldean berriro. Oraingoan ere Galder Arrillaga, Borxaren anaiak, hartzen du bigarren aldiz azken urteetan Iban Zugarramurdik bete zuen tokia.

2001.ko abenduaren 3an aurkezten da Gasteizko Gaztetxearen aldeko 'Gaztetxeak Martxan' CDa, Bertan, Euskal Herriko talde desberdinen abestien artean, gure 'Gaztea' abesti berria aurkitzen da. Abesti hau urriaren 11 eta 12 bitartean Arrasateko Shot estudioan grabatu genuen.

2002.ko urtearen hasieratik abesti berrien konposaketa lanean geniarduen bitartean zuzeneko emanaldiak ematen jarraitzen genuen 'Su Ta Gar Jo Ta Ke' biraren barruan. Nahiz eta gure lehenengo asmoa disko berria 2002.ko azaroan kaleratzea izan, 2003.ko otsaila eta martxoa bitartean grabatu ta apirilaren bukaerararte ez genuen argitaratu. 'Itsasoz beteriko mugetan', aurreko lana bezala, GOR Diskak diskoetxearekin kaleratu zen.

2003. urteko maiatzaren bukaeratik aurrera 'Itsasoz Beteriko Mugetan' zuzeneko aurkezpen kontzertuak egin genituen Euskal Herrian. Aitorrek izan zuen eztarriko ebaketa batek, kontzertu batzuen atzerapena ekarri zuen. Aurkezpen kontzertuen artean maiatzak 29an Iruñako Artsaia aretoan 600. kontzertua eman genuen.

Beste alde batetik, Espainian egin nahi genituen 'Itsasoz Beteriko Mugetan' aurkezpen gehienak bertan behera gelditu ziren guztiok ezagutzen ditugun arrazoi 'demokratikoengatik'. Egoera hau, Espainiako kontzertu gehienen galarazpena, gaur egun ere mantentzen da.

‘Itsasoz Beteriko Mugetan' lanaren promozio gisa, ‘Bizitzaren Borroka’ kantan oinarrituriko bideo klipa grabatu genuen Iker Treviñorekin.

2004 eta 2005 urteetan zehar 'Itsasoz Beteriko Mugetan' kontzertuekin jarraitzen dugu, tartean Viñarock edo Metalway bezalako kontzertu erraldoietan parte hartuz eta Espainian zehar ere emanaldiak emanez.

2005. urtearen bigarren zatian abesti berrien entseguak hasi genituen lokalean, eta pieza denak prest genituenean, 2006ko urtarrilean, Lorentzo Recordsera joan ginen, beste behin, Aitor Ariñogaz disko berria grabatzera. Hilabete batzuen ekoizpen prozesua eta gero, Apirilaren 5ean 'Jainko Hilen Uhartean' disko berria kaleratzen dugu, oraingo honetan guk sortutako ‘Jo Ta Ke Ekopizpenak’ zigilu berriarekin. Honekin batera, kontratazioa taldearen esku gelditzen da ere, gure asmoa, etorkizunean, gure proiektuaren gain kontrol osoa izatea delarik.

'Jainko Hilen Uhartean' lan berriaren CD-aren barnean, Juanma Bajo Ulloa zinegile handiak zuzenduriko ‘Itxaropen Hitza’ bideo klipa ere aurki dezakegu, PC eta MAC-en ikus daitekena. Valentziako kontzertu batean eta Gasteizko kaleetan grabatu genuen eta oso kritika onak izan ditu ikus entzutezko komunikabide eta jarraitzaileen artean.

2006ko apirilean, disko berria kaleratzearekin batera, zuzeneko aurkezpenak egiten hasi ginen, aretoetan lehenik eta toki irekietan geroago, Bilboko Aste Nagusikoa adibidez. Urte honetako udazkenean lehen aldiz Britaniar uhartean bi kontzertu eskaini genituen. Bestalde azaroan 'Itxaropen Hitza' bideo lana Cinemad'06 jaialdi ospetsuan saritua izan zen eta finalista bezala aukeratua Malagako zinema jaialdian 2007ko martxoan.

2007. urtea Eibarren, gure herrian, emandako kontzertu hunkigarri batekin hasi genuen eta martxotik aurrera 'Jainko Hilen Uhartean' herri desberdinetan kontzertuetan aurkezten jarraitu genuen. Maiatzean 'More Volumen Tour 93' bideo lana DVD formatuan berrargitaratu genuen 'Jo Ta Ke Ekoizpenak' gure zigiluarekin.

2007ko abenduan 'Une Iraunkorrak' DVD berria kaleratu genuen, azken lanak bezala, 'Jo Ta Ke Ekoizpenak' zigilu propioarekin eta ‘Jainko Hilen Uhartean’ diskoaren grabaketatik aurrera bizitako une, sentsazio eta esperientzia batzuk betikotzeko asmoarekin. Bertan 2006ko Bilboko Aste Nagusian Botika Zaharrean, 2007ko urtarrilean Eibarren eta urrian Iruñan emandako kontzertuekin osatutako bideo nagusiaz gain, ‘Jainko Hilen Uhartean’ diskoaren eta ‘Itxaropen Hitza’ bideo kliparen grabaketen making of-ak, emozioz beteriko irudiak eta argazki sorta bat aurkitzen dira, beste gehigarri batzuekin batera. Lan honek ere oso kritika onak jaso zituen komunikabide ezberdinetan.

Gaur arte 800 ekitaldi inguru eman ditugu zuzenean, euren artean estilo desberdinak jorratzen dituzten talde askorekin.

Discografia

· JAIOTZE BASATIA 1991

· HORTZAK ESTUTURIK 1992

· SU TA GAR ZUZENEAN 1993
(DVD berrargitalpena 2007an)

· MUNSTRO HILAK 1993

· SENTIMENAK JARRAITUZ 1996

· AGUR JAUNA GIZON TXURIARI 1997

· SU TA GAR 1987-89 1999

· HOMO_SAPIENS? 1999

· HOMO_SAPIENS? TOUR`00 2000
(VHS, 55min.)

· SU TA GAR JO TA KE 2001
(Zuzeneko diska bikoitza)

· ITSASOZ BETERIKO MUGETAN 2003

· JAINKO HILEN UHARTEAN 2006

· UNE IRAUNKORRAK 2007
(DVD 9)



Ander Mendiluze eta Ivan Arostegi

Thursday 14 May 2009

Soziedad Alkoholika

Soziedad Alkoholika (SA ere deitzen zaio) 1988an Gasteizen (Araba) sortutako rock musika taldea da. Juan (ahotsa), Jimmy (gitarra), Oskar (gitarra), Roberto (bateria) eta Iñaki (baxua) izan ziren taldearen hasierako partaideak. Militarismo, faxismo, arrazakeria edo sexismoa dira euren letretan gogor kritikatzen dituzten gaietako batzuk. Disko kopuru ederra saldu dute Espainia osoan (350.000 baino gehiago) eta 1995ean, Ratas zuzeneko albuma Urrezko Diskoa izatera iritsi zen, hau da, Espainian 50.000 ale bahino gehiago saldu zituen.

Explota Zerdo eta Síndrome del Norte kantuen letrak direla kausa, 2004an Asociación Víctimas del Terrorismok (AVTk) SA salatu zuen, ustezko terrorismoaren goraipamena egiten zuelakoan. Urte bereko irailean, Baltasar Garzón epaileak bertan behera utzi zuen kasua. 2005eko otsailean berriro taldearen kontrako elegitea ez zuen onartu. Hala ere, AVTk, berriz, beste elegite bat aurkeztu zuen Espaniako Auzitegi Nazionalean 2005eko abenduan, Fernando Grande-Marlaska epaileak onartu zuena. .

SAk behin baino gehiagotan adierazi du ETA babesten ez duela, baita AVTk euren kantuen letrak gaizki ulertzen dituela.

AVTren zein beste elkarte batzuen (esate baterako Partido Popularrena) presiopean, taldeak kontzertu andana bertan behera utzi behar izan du. El Corte Ingles merkataguneak SAren diskoak salmentatik at kendu egin ditu. .

Gaur egungo partaideak

  • Juan (ahotsa)
  • Jimmy (gitarra)
  • Jabi (gitarra)
  • Pirulo (baxua)
  • Roberto (bateria)














Diskografia





Ander Mendiluze eta Ivan Arostegi

Tuesday 12 May 2009

BERRI TXARRAK

BERRI TXARRAK rock taldea 1994. urtean sortu zen, Gorka Urbizu (ahotsa eta kitarra) eta Aitor Goikoetxea (bateria) musikarien bigarren talde moduan. 1997an hasi ziren, dena den, bete-betean Berri Txarrak taldeari dedikazio osoa ematen, Mikel Lopez (baxua) eta Aitor Oreja (kitarra) lagunekin batera. Azken honek 2004ean taldea uztea deliberatu zuen, taldea hirukoa bihurtuz. Berri Txarrak talde nafarra da, Lekunberri ingurukoa, eta orain arte bost disko argitaratu ditu, guztiak ere euskara hutsean eta GOR disketxearen eskutik.

Sei kantu biltzen zituen maketa autoekoitzi ostean, BERRI TXARRAK-ek hainbat sari jaso zituen sortzaile berrientzako lehiaketa ezberdinetan, eta horrek lehendabiziko disko luzea grabatzeko aukera eman zien. Emaitza 1997an iritsi zen, taldearen izen bera zeraman diskoarekin, alegia. Galarreko Espartzan (Nafarroa) Javi Sanmartinekin grabatua, 'Berri Txarrak' lanak sarrera indartsua izan zuen euskal rockaren eszenan, 'Lotsarik gabe', '500 urte ta gero' edo 'Ardifiziala' bezalako kantuei esker. Egileen hitzetan lan honek maketa eta ondoren etorriko ziren lanen arteko zubi-lana bete zuen.

Bigarren lanarekin jauzi kualitatibo izugarria egin zuten eta ondorengo lanentzako oinarri musikalak finkatuak utzi, nolabait. 1999. urtea zen eta 'Ikasten', berriz, disko haren izenburua. Sonido XXI estudioetan grabatua hau ere, oraingoan Haritz Harreguyren laguntza izan zuten ekoizpen lanetan. Lan honek ezusteko nabarmena suposatu zuen, talde ezberdin baten eboluzioa agerian utziz, kantuak ulertzeko modu berezi horrekin (sentimenduak beti lehendabiziko lerroan) eta disko benetan landua atonduz. 'Ikusi arte', 'Ez', edota 'Ikasten' kantuek kontzertu andana eskaintzeko parada luzatu zien, honela talde bezala hazteko aukera emanez.

Gerora ohitura bihurtuko zen erritmoari jarraiki, bi urte beranduago (2001ean) hirugarren lana etorri zen: 'Eskuak/Ukabilak'. Lan honekin aurrekoek erakusten zuten ezaugarri berezko horiek berretsi eta euskal rockaren punta-puntako talde izatera eraman zituen. Andoaingo Garate Studiosen grabatua Kaki Arkarazoren laguntzaz, disko honek BTX-en kantutegian sona berezia lortu duten zenbait abesti daude: 'Oihu', 'Stereo' edo 'Biziraun' kantu hunkigarria, zeinarekin Urteko Kanturik Onenari Gaztea Saria lortu baitzuten. CDaren diseinuak ere merezi du aipamenik, Biktor Anduezaren esku berau. Hirugarren disko honek estatutko entzulego zein prentsaren atentzioa deitu zuen, Euskal Herriko mugetatik gaindi.

2003. urtean laugarren lana kaleratu zuen Berri Txarrak-ek, 'Libre ©' izenburu bitxiarekin. Disko honek taldearen ibilbidean beste jauzi kualitatibo garrantzitsu bat ekarri zuen, prentsa musikalaren onespena eta Europan barnako lehen birak barne (UK, Danimarka, Alemania). 'Libre ©' taldearen diskorik hardcoreena litzateke, eboluzio geldiezinean dagoen talde baten disko biribila, mezua asko zaintzen duen talde hunkigarri honen imaginazioa eta musika gosea agerian utziz. Rock Sound edo Euskadi Gaztea bezalako musika medioek Estatuko Rock Diskorik Onena-tzat jo zuten disko hauxe. Nabarmentzeko kantuak, besteak beste 'Denak ez du balio', non RISE AGAINST talde estatubatuarren abeslari den Tim McIlrathek parte hartzen duen, 'Hil nintzen eguna' edota 'Izena, izana, ezina' bera.

Bira luze baten ondoren, Aitor Orejak taldea uztea erabaki zuen. Gorka, Aitor G eta Mikelek hiruko moduan jarraitzea deliberatu eta buru belarri ekin zioten kantu berriak idazteari. 2005. urtean 'Jaio.Musika.Hil' bosgarren lana argitaratzen da. Disko hau Erasoko (Nafarroa) baserri batean grabatu zen, Karlos Osinaga soinu hartzaile zutela. Nahasketak, berriz, Estatu Batuetako Kansasen burutu ziren, Ed Rose ekoizle ezagunaren eskutik (AEB-tako indie soinuan ezinbesteko izena, besteak beste Kurt Cobain, The Get Up Kids edota Motion City Soundtrack taldeekin lan egindakoa). Grabaketaren ondotik taldeak Mexiko eta Nikaraguan bira egin zuen, harrera ezin hobea erdietsiz. Egunotan taldea disko berriaren biran murgildua dabil, ezbairik gabe bira intentsoa izango denari gogoz ekinez.

Berri Txarrak taldeak, halaber, hainbat bilduma lanetan parte hartu izan du, besteak beste: 'Nafarroa, Hitza Dantzan' (GOR, 2001); 'Navarra, tierra de rock / Rock Lurraldea', 'Tributo a Judas Priest' (Zero Records, 2000) edota 'Bisai Berriak' kantu entzutetsua, 2002an Gazte Topagunerako propio idatzia.





Ander Mendiluze eta Ivan Arostegi

Tuesday 5 May 2009

MULANBO ETA BONBERENEA TXARANGA

Mulambo
Mulanbo taldea chatunga bembe taldeak sorturiko erroetatik jaio zen. Kurtsiloak ematen hasi eta pixkanaka indartzen joan den perkusio talde honek ospe apur bat irabaziz gaur egun kontratatu daitekeen talde bilakatu da izugarrizko giroa dantzan jarriz bere musika brasildar nahastezinarekin.




Bonberenea txaranga
Bonberenea Txarangaren lehen hazia 2003ko irailean erein zela esan daiteke, Bonberenearen 6. Urteurrena ospatzeko ekitaldien prestaketen arira. Egia esan,txaranga gehientxuenak horrelaxe sortu izan dira, festa edo ospakizunen bat girotzeko intentzioarekin lagun koadrila bat elkartuta, jaia ezin baita musikarik gabe ulertu. Bilkura hura espreski egun bakar hartarako bazen ere, lanari ekin zioten, eta proeiktuak egundaino martxan eta bizirik dirau.
Ibilbide honetan zehar han eta hemengo bazterrak girotu dituzte (Tolosako ihauteri, San Juan, eta auzoetako jaiak, San Ferminak, Maritxu Kajoi, Hondarribiko Olearso jaialdia, Alegiko jaiak, Korrika, Gaztetxe martxa… ) eta baita hainbat proiektuetan parte hartu ere (Bonberenea Suffle-ren aurkezpena 2006, Pirritx eta Porrotxen Maite Zaitut eta Mari Motos bideoklipak…); musika eta jaia kohesio sozialerako herramienta gisara erabiliz, eta elkarbizita eta elkarulermenera gonbidatuz.
2005ean kaleratu zuten gure lehen diskoa, Bonberenea Ekintzak-ek ekoitzia eta Karlos Osinaga-k “Txap” grabatua. Diskoa fresko eta alaia izan zen, beren gaztetasunaren seinale, eta aparteko esperientzia hark proiektu sakonagoetan murgiltzeko gogoa piztu zieten.
Modu honetan aurkezten dute beren azken proeiktua, ROCKA TA URREZKO KOMONA, Bonberenean lagunartean burutua, eta ilusioak eta lanak aurrera ateratzea ahalbidetu digutena. Diska, Partitura liburua eta Bideoklipaz osatutako lana da eta berrogei musikari inguru bildu dira Bonberenean Txap-en gidaritzapeko grabaketan. Entzutearen entzutez hain ezagunak zaizkigun Rock abestien bertsio bilduma osatu dute, iada memoria musikal kolektiboan kokatzen diren abesti hauei berrinterpretazio bat emanez eta berraien txaranga munduan berria zaigun sonoritate batekin esperimentatuz.
Bereziki 80.hamarkadan Euskal Herrian eta baita beste hainbat lekutan piztutako mugimendu sozialari egin diote erreferentzia (R.I.P., La Polla Records, Piperrak, Ramones,TheClash garai hartako esentzia eta mezuak isladatu nahian. Oroimenean iraungo duten hitzak dira, ez ditu haizeak eramango eta inork ezingo ditu ixilarazteko erosi hitz hauek urreaz ere eros ezin daitezkeen horietakoak baitira.
 Estilo ezberdinak lotu dituzte rock-aren ildotik, eta generazio eta garai ezberdinen arteko zubia eraikitzen saiatu dira.
Horixe izan da proiektu honek eskeini diena eta entzuleoi iritsiarazi nahi dietena, eta honekin jardungo dute lanean datozen garaietan ere.



Ander Mendiluze eta Ivan Arostegi