Tuesday 26 May 2009

SU TA GAR

Biografia



1987. urtea amaitzear zegoela, musika talde bat osatzeko asmoarekin elkartu ginen lau lagun: Aitor Gorosabel Garai, Asier Osoro, Xabier Bastida eta Borxa Arrillaga. Gehienontzat tresna bat jotzen genuen lehen aldia izan arren, musika egiteko gogo handia genuen. Eibartarrak gara laurok. Eibar Euskal Herrian dagoen hiri industriala da. Txiki-txikitatik gara lagunak, eta gauza askok elkartzen gaitu, besteak beste, elkarrekin musika proiektu bat sortzeko eta bizitzeko gogoak. Proiektu honi Su Ta Gar izena eman genion, jendaurrean lehen aldiz jo (1988-8-14) baino astebete lehenago.

Lehenengo grabaketa gure kontura egin genuen, 1989ko maiatzean, Eibarko lagun batzuen lokalean. Maketa honek arrakasta haundia lortu zuen eta arrakasta horrek, beste grabaketa bat (estudio profesional batean) burutzeko aukera eman zigun. Bigarren maketa hau, lehen albumerako bidean aurreneko pausoa izan zen. Tarte horretan, Mikel Laboaren ‘Haika Mutil‘ kantaren bertsioa egin genuen, Laboaren omenezko ‘Txerokee‘ diskoan argitaratuko zena. 1990. urtean, Estigia taldearekin batera, Villa de Bilbao lehiaketan lehenengo saria irabazi genuen. Sariak Estigiakoekin disko bat erdibana grabatzeko aukera ematen zigun, baina aukera hori baztertu eta 1990eko azaroan ‘Jaiotze Basatia‘ grabatzen dugu IZ estudioan. Gure lehenengo lan hau 1991ko martxoan argitaratzen da Zarata diskoetxearen babesean. Diskoa batik bat Euskal Herrian aurkeztu genuen arren, urte bereko urrian Alemania, Suitza eta Austriara joan ginen squatetan kontzertuak ematera...

1992. urteko apirilean, ‘Hortzak Estuturik‘ grabatu genuen IZ estudioan berriro ere. Aurrekoan bezala, Kaki Arkarazo aritu zen teknikari. Lan berria urte bereko ekainean argitaratzen da, baina oraingo honetan Esan Ozenki zigilu berriaren babesean. Euskal Herrian eta Espainian urte oso bat diska aurkezten ibili eta gero 1993.ko apirilean Europan zehar bira egin genuen EH Sukarra taldearekin batera. Bira honen bukaera festa bezala, kontzertu berezia eman genuen Eibarren. Kontzertua bideoan grabatu eta ‘More Volumen Tour‘ eta ‘Su Ta Gar zuzenean‘ izenarekin argitaratu genuen.

1993ko irailean, material berria eskuetan hartuta, Lorentzo Recordsera jo genuen disko berria grabatzera. Aitor Ariño aritu zen teknikari, eta abenduaren hasieran kaleratu genuen aurreko diskoaren zigilu berarekin. ‘Munstro Hilak‘ Euskal Herrian zehar aurkeztu eta gero, Espainia eta Frantzian aurkeztu genuen, 1994ko urtarrila eta otsailean, eta 1995 urtearen hasieran Italia, Austria eta Alemaniara joan ginen berriro.

Ostera beste disko bat grabatzekotan ginela, Borxak istripua izan zuen 1995ko maiatzean eta gertaera hark asmo guztiak aldarazi zizkigun. Borxaren anaia, Galder, hasi zen bateria jotzen, eta 1996.ko udaberrian ‘Sentimenak Jarraituz‘ diskoa grabatu genuen, aurreko produkzio berarekin. Urte bereko maiatzean argitaratu zen eta lehengo aldiz bideo klip bat atera genuen albumari izena ematen dion kantuarekin. Bideo klipak sari bat baino gehiago irabazi zuen hainbat bideo lehiaketatan.

Aurreko diskoa Espainia eta Frantziako hainbat hiritan aurkeztu ondoren, bateri jolez aldatu genuen berriro. Iban Zugarramurdik hartu zuen Galder Arrillagaren tokia. Bateri jole berriarekin grabatu genuen, 1997ko iraila eta urria artean, ‘Agur Jauna Gizon Txuriari‘ eta urte hartako azaroan Kubara joan ginen aurkeztera. Abendutik aurrera Euskal Herrian, eta 1998ko otsailean Espainian aurkeztuz.

Urte horretako udaran “Eromena” kantua grabatu genuen Elkar estudiotan, urte amaieran “Gaur olerkiak bihar presoak Euskal Herrirat!” bilduman kaleratuko zena. Bilduma disko hau, euskal preso politikoen Euskal Herriratzearen alde kaleratu zuen Iparraldeko preso sustengu komiteen koordinaketak. Bertan, euskal preso politiko eta bertsolari batzuek eginiko hitzei, euskal musika taldeek musika jartzen die. Guztira 11 kanta biltzen dira aipaturiko bilduma honetan. “Eromena” kantaren hitzak Carmen Gisasola markinarrarenak dira.

Gure jarraitzaileen eskaerei erantzunez, 1999. urteko ekainean 'Su Ta Gar 1987-89' lehengo bi maketen edizio berezia argitaratu genuen, Gaztelupeko Hotsak disketxearekin. Bertan, garai hartako abestiez gain, PCrako egokituriko 'Jo Ta Ke' abestiaren bideoa dago, abestiak bezala garai haietan grabatua.

Maketen edizio bereziaren produkzioa amaitu eta gero, disko berria grabatzen hasi ginen, orain ere Berrizko Lorentzo Records estudioan. 1999ko uztaila eta iraila artean grabatu eta nahastu ondoren, azaroaren 8an kaleratu zen GOR disketxearen eskutik, gure azken ekoizpena: 'Homo_Sapiens?'. Urte honen amaiera eta 2000. urtearen hasiera artean 'Homo_Sapiens? Tour'00' aurkezpen bira egin genuen, izugarrizko muntai berezia erabiliz. Bira honek zailtasun tekniko eta produkzio kostu handiak zituela eta, Euskal Herrian zehar bakarrik egin ahal izan genuen. Hala nola, bira honetako azken kontzertua, Iholdin emana, bideoan grabatzea erabaki genuen. Aurrerago, gure zuzeneko bigarren bideo argitaratua izango zena, hain zuzen.

Horrela, 2000. urtearen ekainean 'Homo_Sapiens? Tour'00' bideoa argitaratzen da GOR Diskak zigiluaren babesean.

2000. urteko irailaren azken egunetan Judas Priest taldearen 'The Sentinel' abestiaren bertsioa grabatu eta nahastu genuen Berrizko Lorentzo Records estudioan. Abesti hau Judas Priest taldearen omenezko 'Metal Gods' izeneko diskoan argitaratu zen Zero diskaetxearen babesean, 2000. urtearen azaroan. Disko honetan gure bertsioaz gain µLT, Berri Txarrak, Hamlet, Ktulu edo Baron Rojo bezalako taldeen bertsioak aurkitzen dira.

2001ko apirilaren 17an kaleratu genuen gure zuzeneko lehenengo diska, 'Su Ta Gar Jo Ta Ke' izenburupean eta Gor Diskak disketxearen babesean. Garai guztietako 23 abestiez osaturiko lan bikoitz honek CD formatuan PCrako egokituriko bi abestien bideo klipak ditu, 'Su Ta Gar 1987-89' maketen edizio berezian egin genuen bezala. Lan honetan 2000.ko bukaeran emandako lau kontzertuen grabaketa eta lan askoren emaitza biltzen dira.

'Su Ta Gar Jo Ta Ke' diskaren zuzeneko aurkezpenak prestatzen ari ginela baterijole aldaketa ematen da taldean berriro. Oraingoan ere Galder Arrillaga, Borxaren anaiak, hartzen du bigarren aldiz azken urteetan Iban Zugarramurdik bete zuen tokia.

2001.ko abenduaren 3an aurkezten da Gasteizko Gaztetxearen aldeko 'Gaztetxeak Martxan' CDa, Bertan, Euskal Herriko talde desberdinen abestien artean, gure 'Gaztea' abesti berria aurkitzen da. Abesti hau urriaren 11 eta 12 bitartean Arrasateko Shot estudioan grabatu genuen.

2002.ko urtearen hasieratik abesti berrien konposaketa lanean geniarduen bitartean zuzeneko emanaldiak ematen jarraitzen genuen 'Su Ta Gar Jo Ta Ke' biraren barruan. Nahiz eta gure lehenengo asmoa disko berria 2002.ko azaroan kaleratzea izan, 2003.ko otsaila eta martxoa bitartean grabatu ta apirilaren bukaerararte ez genuen argitaratu. 'Itsasoz beteriko mugetan', aurreko lana bezala, GOR Diskak diskoetxearekin kaleratu zen.

2003. urteko maiatzaren bukaeratik aurrera 'Itsasoz Beteriko Mugetan' zuzeneko aurkezpen kontzertuak egin genituen Euskal Herrian. Aitorrek izan zuen eztarriko ebaketa batek, kontzertu batzuen atzerapena ekarri zuen. Aurkezpen kontzertuen artean maiatzak 29an Iruñako Artsaia aretoan 600. kontzertua eman genuen.

Beste alde batetik, Espainian egin nahi genituen 'Itsasoz Beteriko Mugetan' aurkezpen gehienak bertan behera gelditu ziren guztiok ezagutzen ditugun arrazoi 'demokratikoengatik'. Egoera hau, Espainiako kontzertu gehienen galarazpena, gaur egun ere mantentzen da.

‘Itsasoz Beteriko Mugetan' lanaren promozio gisa, ‘Bizitzaren Borroka’ kantan oinarrituriko bideo klipa grabatu genuen Iker Treviñorekin.

2004 eta 2005 urteetan zehar 'Itsasoz Beteriko Mugetan' kontzertuekin jarraitzen dugu, tartean Viñarock edo Metalway bezalako kontzertu erraldoietan parte hartuz eta Espainian zehar ere emanaldiak emanez.

2005. urtearen bigarren zatian abesti berrien entseguak hasi genituen lokalean, eta pieza denak prest genituenean, 2006ko urtarrilean, Lorentzo Recordsera joan ginen, beste behin, Aitor Ariñogaz disko berria grabatzera. Hilabete batzuen ekoizpen prozesua eta gero, Apirilaren 5ean 'Jainko Hilen Uhartean' disko berria kaleratzen dugu, oraingo honetan guk sortutako ‘Jo Ta Ke Ekopizpenak’ zigilu berriarekin. Honekin batera, kontratazioa taldearen esku gelditzen da ere, gure asmoa, etorkizunean, gure proiektuaren gain kontrol osoa izatea delarik.

'Jainko Hilen Uhartean' lan berriaren CD-aren barnean, Juanma Bajo Ulloa zinegile handiak zuzenduriko ‘Itxaropen Hitza’ bideo klipa ere aurki dezakegu, PC eta MAC-en ikus daitekena. Valentziako kontzertu batean eta Gasteizko kaleetan grabatu genuen eta oso kritika onak izan ditu ikus entzutezko komunikabide eta jarraitzaileen artean.

2006ko apirilean, disko berria kaleratzearekin batera, zuzeneko aurkezpenak egiten hasi ginen, aretoetan lehenik eta toki irekietan geroago, Bilboko Aste Nagusikoa adibidez. Urte honetako udazkenean lehen aldiz Britaniar uhartean bi kontzertu eskaini genituen. Bestalde azaroan 'Itxaropen Hitza' bideo lana Cinemad'06 jaialdi ospetsuan saritua izan zen eta finalista bezala aukeratua Malagako zinema jaialdian 2007ko martxoan.

2007. urtea Eibarren, gure herrian, emandako kontzertu hunkigarri batekin hasi genuen eta martxotik aurrera 'Jainko Hilen Uhartean' herri desberdinetan kontzertuetan aurkezten jarraitu genuen. Maiatzean 'More Volumen Tour 93' bideo lana DVD formatuan berrargitaratu genuen 'Jo Ta Ke Ekoizpenak' gure zigiluarekin.

2007ko abenduan 'Une Iraunkorrak' DVD berria kaleratu genuen, azken lanak bezala, 'Jo Ta Ke Ekoizpenak' zigilu propioarekin eta ‘Jainko Hilen Uhartean’ diskoaren grabaketatik aurrera bizitako une, sentsazio eta esperientzia batzuk betikotzeko asmoarekin. Bertan 2006ko Bilboko Aste Nagusian Botika Zaharrean, 2007ko urtarrilean Eibarren eta urrian Iruñan emandako kontzertuekin osatutako bideo nagusiaz gain, ‘Jainko Hilen Uhartean’ diskoaren eta ‘Itxaropen Hitza’ bideo kliparen grabaketen making of-ak, emozioz beteriko irudiak eta argazki sorta bat aurkitzen dira, beste gehigarri batzuekin batera. Lan honek ere oso kritika onak jaso zituen komunikabide ezberdinetan.

Gaur arte 800 ekitaldi inguru eman ditugu zuzenean, euren artean estilo desberdinak jorratzen dituzten talde askorekin.

Discografia

· JAIOTZE BASATIA 1991

· HORTZAK ESTUTURIK 1992

· SU TA GAR ZUZENEAN 1993
(DVD berrargitalpena 2007an)

· MUNSTRO HILAK 1993

· SENTIMENAK JARRAITUZ 1996

· AGUR JAUNA GIZON TXURIARI 1997

· SU TA GAR 1987-89 1999

· HOMO_SAPIENS? 1999

· HOMO_SAPIENS? TOUR`00 2000
(VHS, 55min.)

· SU TA GAR JO TA KE 2001
(Zuzeneko diska bikoitza)

· ITSASOZ BETERIKO MUGETAN 2003

· JAINKO HILEN UHARTEAN 2006

· UNE IRAUNKORRAK 2007
(DVD 9)



Ander Mendiluze eta Ivan Arostegi

No comments: