Tuesday 12 May 2009

BERRI TXARRAK

BERRI TXARRAK rock taldea 1994. urtean sortu zen, Gorka Urbizu (ahotsa eta kitarra) eta Aitor Goikoetxea (bateria) musikarien bigarren talde moduan. 1997an hasi ziren, dena den, bete-betean Berri Txarrak taldeari dedikazio osoa ematen, Mikel Lopez (baxua) eta Aitor Oreja (kitarra) lagunekin batera. Azken honek 2004ean taldea uztea deliberatu zuen, taldea hirukoa bihurtuz. Berri Txarrak talde nafarra da, Lekunberri ingurukoa, eta orain arte bost disko argitaratu ditu, guztiak ere euskara hutsean eta GOR disketxearen eskutik.

Sei kantu biltzen zituen maketa autoekoitzi ostean, BERRI TXARRAK-ek hainbat sari jaso zituen sortzaile berrientzako lehiaketa ezberdinetan, eta horrek lehendabiziko disko luzea grabatzeko aukera eman zien. Emaitza 1997an iritsi zen, taldearen izen bera zeraman diskoarekin, alegia. Galarreko Espartzan (Nafarroa) Javi Sanmartinekin grabatua, 'Berri Txarrak' lanak sarrera indartsua izan zuen euskal rockaren eszenan, 'Lotsarik gabe', '500 urte ta gero' edo 'Ardifiziala' bezalako kantuei esker. Egileen hitzetan lan honek maketa eta ondoren etorriko ziren lanen arteko zubi-lana bete zuen.

Bigarren lanarekin jauzi kualitatibo izugarria egin zuten eta ondorengo lanentzako oinarri musikalak finkatuak utzi, nolabait. 1999. urtea zen eta 'Ikasten', berriz, disko haren izenburua. Sonido XXI estudioetan grabatua hau ere, oraingoan Haritz Harreguyren laguntza izan zuten ekoizpen lanetan. Lan honek ezusteko nabarmena suposatu zuen, talde ezberdin baten eboluzioa agerian utziz, kantuak ulertzeko modu berezi horrekin (sentimenduak beti lehendabiziko lerroan) eta disko benetan landua atonduz. 'Ikusi arte', 'Ez', edota 'Ikasten' kantuek kontzertu andana eskaintzeko parada luzatu zien, honela talde bezala hazteko aukera emanez.

Gerora ohitura bihurtuko zen erritmoari jarraiki, bi urte beranduago (2001ean) hirugarren lana etorri zen: 'Eskuak/Ukabilak'. Lan honekin aurrekoek erakusten zuten ezaugarri berezko horiek berretsi eta euskal rockaren punta-puntako talde izatera eraman zituen. Andoaingo Garate Studiosen grabatua Kaki Arkarazoren laguntzaz, disko honek BTX-en kantutegian sona berezia lortu duten zenbait abesti daude: 'Oihu', 'Stereo' edo 'Biziraun' kantu hunkigarria, zeinarekin Urteko Kanturik Onenari Gaztea Saria lortu baitzuten. CDaren diseinuak ere merezi du aipamenik, Biktor Anduezaren esku berau. Hirugarren disko honek estatutko entzulego zein prentsaren atentzioa deitu zuen, Euskal Herriko mugetatik gaindi.

2003. urtean laugarren lana kaleratu zuen Berri Txarrak-ek, 'Libre ©' izenburu bitxiarekin. Disko honek taldearen ibilbidean beste jauzi kualitatibo garrantzitsu bat ekarri zuen, prentsa musikalaren onespena eta Europan barnako lehen birak barne (UK, Danimarka, Alemania). 'Libre ©' taldearen diskorik hardcoreena litzateke, eboluzio geldiezinean dagoen talde baten disko biribila, mezua asko zaintzen duen talde hunkigarri honen imaginazioa eta musika gosea agerian utziz. Rock Sound edo Euskadi Gaztea bezalako musika medioek Estatuko Rock Diskorik Onena-tzat jo zuten disko hauxe. Nabarmentzeko kantuak, besteak beste 'Denak ez du balio', non RISE AGAINST talde estatubatuarren abeslari den Tim McIlrathek parte hartzen duen, 'Hil nintzen eguna' edota 'Izena, izana, ezina' bera.

Bira luze baten ondoren, Aitor Orejak taldea uztea erabaki zuen. Gorka, Aitor G eta Mikelek hiruko moduan jarraitzea deliberatu eta buru belarri ekin zioten kantu berriak idazteari. 2005. urtean 'Jaio.Musika.Hil' bosgarren lana argitaratzen da. Disko hau Erasoko (Nafarroa) baserri batean grabatu zen, Karlos Osinaga soinu hartzaile zutela. Nahasketak, berriz, Estatu Batuetako Kansasen burutu ziren, Ed Rose ekoizle ezagunaren eskutik (AEB-tako indie soinuan ezinbesteko izena, besteak beste Kurt Cobain, The Get Up Kids edota Motion City Soundtrack taldeekin lan egindakoa). Grabaketaren ondotik taldeak Mexiko eta Nikaraguan bira egin zuen, harrera ezin hobea erdietsiz. Egunotan taldea disko berriaren biran murgildua dabil, ezbairik gabe bira intentsoa izango denari gogoz ekinez.

Berri Txarrak taldeak, halaber, hainbat bilduma lanetan parte hartu izan du, besteak beste: 'Nafarroa, Hitza Dantzan' (GOR, 2001); 'Navarra, tierra de rock / Rock Lurraldea', 'Tributo a Judas Priest' (Zero Records, 2000) edota 'Bisai Berriak' kantu entzutetsua, 2002an Gazte Topagunerako propio idatzia.





Ander Mendiluze eta Ivan Arostegi

No comments: